Talde-lanaren garrantzia

Talde-lanaren garrantzia

Bagoaz, apurka-apurka, ikasturte berriaren hasierara hurbiltzen. Gure seme-alabak Axularretik urrunduta egon ondoren, ikastola prest dugu bere historia hurbilenean bizi izan duen erronkarik zorrotzenari erantzuteko.

Gure ikasleak berriro ere ikaskide, tutore, irakasle eta Axular Lizeoa osatzen dugun gainerako pertsonekin bilduko dira.
Zalantzarik gabe, albiste ona da eta gauzak zein ondo egiten dakigun erakusteko aukera paregabea.

Hurrengo egunotan, komunikabideek eskolaren beharren inguruan orduak eta minutuak beteko dituzte, existitzen ez diren neurri eta formula magikoak proposatuz.
Egin beharko litzatekeenaren edo aurrez prestatu eta antolatu behar zenaren inguruko erreportaje eta elkarrizketak irakurtzeko aukera ere izango dugu.

Gure kasuan, aurrera eramango dugun plana uztailean aurkeztu genizuen Ibilbide-orri gisa balioko du, eta aurrera begira ager daitezkeen beharretara moldatu eta egokitu beharko dugu. Ez dugu, inolaz ere, administrazioak edota beste erakunde batek gure etxea antolatzerik espero. Horretarako, izaera solidarioa, konpromisoa, jarrera sortzailea eta, batez ere, erantzukizun pertsonala eta kolektiboa balioetsi beharko ditugu proposatutako planek beren helburua lor dezaten. Ikastola osatzen dugunon eginkizuna izanda, gure etxea zaindu, mimatu eta antolatuko dugu arauak eta proposamenak guztiz beteaz, pertsonen osasuna eta segurtasuna zaindu eta bermatzeko asmoz.

Horretarako, familiok, neurri egokiak hartu eta errespetatu beharko ditugu, gure seme-alabak mentalizatu eta gure jarrera, jokaera eta portaerak eredugarri bihurtuz. Zalantzarik gabe, jokatu behar dugun "norgehiagoka honek" taldean aritzea eskatzen du, ibilbide-orria salbuespenik gabe errespetatuz.

Segurtasuna bermatuta, gure hezkuntza-eredu eta proiektu propioa elikatzen jarraitzeko ardura dugu, gure haur eta gazte bakoitzaren beharrei modu integralean erantzunez. Ikastola serio, heldu eta moderno gisa agertzeko aukera dugu eta, horretarako, guztiz beharrezkoa da gu guztion inplikazioa eta lankidetza.

Presta dezagun guztion artean gure seme-alaben oraina eta etorkizuna; baina, batez ere, eman diezaiegun protagonismoa beraiei une honetan merezi duten bezala lagunduz.

ESKERRIK ASKO ETA AURRERA!

Aitor Uriondo Usandizaga 
Axular Lizeoko zuzendaria