50 urteurrenaren abestia

Abestiaren grabazioa

Gogoratzen dugu Aiete auzoa
etxe gutxi batzuen bueltan.
Gogoratzen dugu gela txiki bat
Etxadiko arkupeetan.
Gogoratzen dugu esfortzu handiz
jarritako lehen harria.
Gogoratzen dugu euskaraz
ikasi ahal izateko mugarria.

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU AIETEN
EZ DADILA HARIA ETEN
GURE IKASTOLAREN ALTZOAN
AXULAR LIZEOAN...

Abesti honen hasierako hitzek ondo laburbiltzen dute 50 urte hauetan gure ikastolako kideek bizi, sentitu eta amestu izan duguna.

Bost hamarkada hauetan, familiok eta langileok eskutik helduta, lanean jardun dugu haria eten ez dadin. Urte hauetan guztiotan ikastolatik igaro diren belaunaldiak modu osasuntsuan hazi eta hezi zitezen, memento oro beraien beharrei erantzun nahian ahalegindu gara.

Oraingoan ere, iraganean umeak izan ziren Asier, Iker, Isabel eta Haritzek lana ondo egin genuela gogorarazten digute. Beraien talentua, lankidetza, ikastolarekiko atxikimendu eta esker ona opari egin dizkigute. Eskerrik asko, ekipo!!!

Ikasle ohi talde honek egin digun oparia azken urteotan jaso dugun sentikorrena eta bereziena izan dela iruditzen zaigu.

Abesti honen sorkuntza eta ekoizpena, Asier Iriondo eta Iker Laurobarena izan da. Mundialak zarete, bikote! Kanta hau ahoz-aho igaroko da gure ume eta gazteen artean hurrengo urteetan hariak eten gabe jarrai dezan. Badira urteak ikastolatik irten zinetela baina AxularKideok egunero erakusten diguzue inoiz ez zaretela ikastolatik aldendu.

Isabel Ezeizak, Ikerrekin batera, ahots gozoz jantzi du abestia. Belaunaldi ezberdinetakoak izanda, abesti honen produkzioan argi erakutsi duzue iturri beretik jaiotakoak zaretela. Haritz Laurobak bateria jo eta Asier Iriondok baxua eta bestelako ukituak ematerakoan ikastola bezala harro egoteko “produktua” zaretela gogorarazi diguzue. Pertsona zintzoak eta esker onekoak. Zuen partaidetza eskatu genizuenean berehala baiezko biribila eman zeniguten. Harrotasunez pertsona konprometituak eta baloredunak zaretela esan dezakegu.

Axular Lizeoa osatzen dugunok balorez osatutako hari hau bizirik mantentzea izan behar dugu helburu, atzetik datozenen eredu bihurtuz.

Gaur egun ikasleak diren, Eider, Nora, Ane, Maite eta Malenentzat eredu bihurtu zarete eta abestiaren grabazioan ere miresmenez begiratzen zizueten. Abesbatzen grabazioan zuen babesa gertutik nabaritu zuten. Gazte horiek izango dira etorkizunean ere hariari jarraipena emango diotenak AxularKide zintzo eta jatorrak direla erakutsiz.

Eskerrak ere AME estudioari. Batez ere bere arduradun nagusia den Axular Arizmendiri. Ez bakarrik zure izenak, baizik eta izaerak ere AxularKide bihurtzen zaitu... Ongi etorri eta eskerrik asko gure ikastolari emandako harreragatik.

Opor hauetan gure AxularKideen oparia entzun, deskargatu eta abestia ikasten has zaitezte aurrerantzean askotan abestuko dugu-eta: Axular 50 urte

Eguberri ona igaro ezazue familia eta maite duzuenon artean.

Aitor Uriondo (Zuzendaria)