Familien ohiko galderei erantzunak

Familien ohiko galderei erantzunak

Familia agurgarriok:

Irailaren bukaerara hurbiltzen ari gara eta, Axular Lizeoa osatzen dugun guztion laguntza eta inplikazioari esker, egoera berri bezain korapilatsu honi modu egokian aurre egiten ari gatzaizkio.

Hori dela-eta, ikasle, langile eta familioi eskerrak eman nahi dizkizuegu egunero sumatzen ari garen erantzunkizun eta ardura mailarengatik. Eskerrik asko.

Lehen hilabete honetan guztiok eten gabe egokitzen ibili behar izan dugu. Horrek doitu beharreko hainbat kontu eta errepikatzen diren hainbat galdera identifikatzera eraman gaituenez, idatzi honetan argituko ditugu.

Kasu edo galdera batzuetarako ez da konponbide edo erantzun bakarra, bizi dugun egoera aldakorra kontuan izanda.
Edonola ere, zalantza horietako batzuk argitzen saiatuko gara. Goazen ba:

  • Maskara egunero aldatu beharra al dago?
    BAI. Bere lana ondo betetzeko, maskara egunero aldatu edo garbitu behar da.

  • Egunero erabiltzen diren tresnak, arropa edo beste objektu pertsonalen garbiketa eta desinfekzioa garrantzitsua al da?
    BAI. Gure ikasleek higiene pertsonalaren garrantziaz kontziente izan behar dute, egunero eta salbuespenik gabe.

  • Ikastolari komunikatu behar bazaio seme-alaba batek COVID19rekin sintoma bateragarriak dituela, PCR probaren emaitzen zain dagoela edo ikastolak argi dezakeen beste edozer, nola jarri gurekin harremanetan ahalik eta azkarren?
    Idazkaritzara astelehenetik ostiralera deituz (943 316 066) edo  E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora idatziz.

  • PCR proben kudeaketaz edo prebentzio-neurriei buruzko erabaki eta protokoloak ikastolak ezartzen al ditu?
    EZ. Ikastolari miakatze-taldea eta osasun-arduradunak esleitu zaizkigu. Horiek dira bete beharrekoak adierazten dizkigutenak. Familiak Osakidetzarekin harremanetan jarri behar du eta osasun-zerbitzuek emandako jarraibideak errespetatu. Ikastolak ez ditu jarraibide horiek interpretatzen edo bestelako kontsideraziorik egiten. Ikastolara etortzeko baimena medikuek ematen edo ukatzen dute, beren diagnostikoaren arabera.

  • Sintomen aurrean, ikastolak sendagairik eman al dezake (Dalsy, Paracetamol…)?
    EZ, positiboen detekzio eta jarraipena eragotzi lezaketelako, kutsaketa-katea eta transmisioa erraztuz.

  • Norbaitek ikastolako arauak betetzen ez dituela uste badugu, errieta egin behar al diogu?
    EZ. Jokabide okerrak zuzentzeko taldeko lana, enpatia, konfiantza eta tratu ona hobesten ditugu. Bide ofizialak jarraitzeko gonbidatzen zaituztegu betiere errespetuz eta adeitasunez. Horretarako, zuen seme-alaben ikaskideak kriminalizatu edo seinalatu ordez, jo ezazue tutore, koordinatzaile eta zuzendaritzara, mesedez.

  • Puntual ez iristeak edo gure ibiligailuarekin ikastolaren barruan behar baino denbora luzeagoa pasatzeak ikasturte honetarako diseinatutako sarrera/irteera mailakatu eta koordinatua eragotz al dezake?
    BAI. Ezarritako ordutegia ez betetzeak edo ikastolara sartzeko arauak ez errespetatzeak zuen seme-alaben segurtasuna arriskuan jar dezake, baita ia 1.000 pertsonen sarrera eta irteeren arintasuna oztopatu ere.

  • Nire seme-alaba ez den adingabeko baten bila pasa al naiteke, bere gurasoen baimena baldin badaukat?
    SOILIK adingabe hori zure seme-alabaren elkarbizitza-taldeko (burbuila) kidea baldin bada eta legezko tutoreen baimen idatziarekin. Ikastolak ezin dio adingabe beste familia bati entregatu tutoreen idatzizko baimenik ezean edo elkarbizitza-taldeko a ez bada.

  • Aurten gelako bilera orokorrak izango al ditugu?
    BAI, noski. Ikasturte-hasiera ohiz kanpokoa da eta, bilera orokor horiek aurrez aurre egiteko bete beharko genituzkeen baldintzak ikusita, telematikoki egingo ditugu. Horretarako, prestakuntza berezia eskatzen duen formatua antolatzeko lanean ari gara. Maila bereko familia guztiei bilerarako deialdia luzatuko zaizue. Bertan, ikasturtea aurkeztu eta antolaketari dagozkion oinarriko kontuak azalduko ditugu, baita zuen zalantza guztiak argitu eta ekarpenak aztertu ere. Laster galdetegi bat iritsiko zaizue tratatzea nahi zenituzketen gaiak edo argitu beharreko dudak aurrera ditzazuen. Mezu berean, deialdiaren data eta ordua jakinaraziko dizkizuegu, bileran parte hartzeko esteka eta konexioa errazteko jarraibide teknikoekin batera.

Zuen seme-alabek 2020-21 ikasturte ahalik eta normalizatuen eta probetxugarriena izateko gurekin elkarlanean jarraitzera animatzen zaituztegu.

Jaso ezazue gure agurrik beroena.

Zuzendaritza Taldea