Erasmus Plus proiektua ikastolara iritsi da

Irudian LeGoP proiektuko logotipoa

LeGoP - Learning good practices in European countries proiektua 2014 – 2020 Erasmus Plus programak finantzatutako eta nazioarteko (Italia, Holanda, Euskal Herria) erakunde-elkarketa batek kudeatutako programa da, irakaskuntzako egokitzapen-tekniken eta teknologia berrietan oinarritutako ikasketa-tresnen bidez behar bereziko ikasleen inklusioa erraztu nahi duena. Proiektuak LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual, Transgenero) pertsonen aurkako jokaera negatiboak ere ezagutu, aurreikusi eta desagertarazi nahi ditu, baita pertsona horien eskubideen errekonozimendua bultzatzea ere.

ONURADUNAK
Proiektuko jardueren onuradun zuzenak partaide diren ikastetxeetako 16 eta 18 urte bitarteko ikasleak dira, baita irakasleak eta hirugarren sektoreko irudi estrategikoak ere, familiak, arduradun politikoak, komunitate lokalak eta enpresa pribatuak barne direlarik.

METODOLOGIA
Metodologiak aurreikusten ditu jarduera onen nazioarteko trukaketak, jarduera didaktikoetara egokitutako IKTen erabilera eta onuradun zuzenen parte-hartze proaktiboa, diskriminazioa saihesteko metodologia eta tresna berritzaileak erabiliz, bereziki heziketa-behar bereziekin eta sexu-orientazioarekin loturik daudenak. Hezkuntza-ingurunearen barruko sentsibilizazio- eta informazio-jarduerak, saio lektiboak eta programaren komunikazio- eta hedapen-ekitaldiak ere ez dira faltako. Proiektuaren barruan sexu-orientazioarekin zerikusia duen diskriminazioa aurreikusi eta kudeatzeko ikastaro birtuala eraikiko da. Era berean, behar bereziko pertsonen inklusioa teknologia berrien erabileraz errazteko eta homofobiari aurre egiteko formakuntza-ekintzen sekuentzia (Curriculuma) eta garatutako jarduera onak hedatu eta aplikatzeko tresna pedagogiko-mutzo bat (Toolkit) prestatuko dira.

PARTAIDEAK ETA HELBURUAK
Bariko (Italia) “Gaetano Salvemini” zientzia-lizeoa proiektuko buruzagia da, beste partaide hauek daudelarik: Elpendù partzuergoa, proiektuan gizon eta emakumeen aukera-berdintasunean bereziki lanean arituko dena; Axular Lizeoa; Gureak, pertsona kalteberen gizarte- eta lan-inklusioan, besteak beste, teknologia berrien erabileraren bidezko formazioaz diharduen irabazteko asmorik gabeko erakundea, eta Holandako GALE - Global Alliance for LGBT Education – homofobiarekin zerikusia duten ekintzetan, bereziki eskoletan, aditua den erakundea. Proiektuaren azken helburua erresilientzia erraztu eta nork bere eskubideen kontzientzia hartzea da, horretarako jarduera didaktiko onak planifikatuz, esperimentatuz eta garatuz, baita hezitzaileen eta formatzaileen konpetentzien eguneratzea bultzatzen duten hezkuntza-eredu berritzaileak ere, ikasle nerabeak ikasketa-prozesuan zehar arrakastaz laguntzeko, gizarte-, ekonomia- eta kultura-hesiek gizarte zibileranzko inklusio-bidea oztopa dezaketela erakutsiz.

NAZIOARTEKO TRUKAKETAK
Orain arte nazioarteko bi bilera Italian eta beste bat Holandan burutu dira, proiektuaren jarraipena egin eta tresnak balioetsi eta praktikan jartzeko helburuarekin. Horrela, Donostian martxoaren 14tik 18ra izango den trukaketan proiektua osatzen duten elementuei (hezkuntza-curriculuma, ikastaro birtualak eta toolkita) azken ukituak eman ahal izango dizkiegu, baita irakasleriari formakuntza eskaini, jarduera onak trukatu eta proiektua ezagutarazteko ekitaldia burutu ere.

Azken ekitaldi publiko hori martxoaren 18an izango da. Andia kaleko Kutxaren aretoan prentsaurrekoa 10:00etan. 11:00etan Andia kalean Gureakeko langileek desgaitasuna duten pertsonen eguneroko bizitzan laguntzen dieten hainbat tresna erakutsi eta gure ikasleek homofobiari buruzko inkesta egingo dute publikoarekin. Azkenik, 12:00ak aldera, ikasle partaideek, Gero Axular dantza taldearen laguntzaz, proiektuaren baloreak zabaltzeko ikuskizun bat egingo dute.

Guztiok gonbidatuta zaudete. Anima zaitezte!