LeGoP proiektuko amaiera-ekitaldia

Argazkian bost erakundeotako ordezkariak Bari-ko Salvemini Lizeoaren atarian proiektuko lehen bileraren ostean.

Ekainaren 14tik 17ra Xabier Insausti eta Juan Ezeiza irakasleak Barin (Italia) izango dira LeGoP (Learning Good Practices in European Countries) proiektua ixteko.

LeGoP 2014-15 eta 2015-16 ikasturteetan zehar garatzen aritu gara. Heziketa, formazioa, gazteria eta kirola bultzatzen dituen Erasmus Plus programa europarraren barruko proiektua da.

LeGoP inguruan hiru herrialdetako bost erakunde bildu gara:

  • Axular Lizeoa eta Gureak gizarte ekimeneko kooperatiba (Euskadi)
  • Bari-ko (Italia) Salvemini Lizeoa eta Elpendu gizarte ekimeneko kooperatiba
  • Amsterdam-eko (Holanda) homofobiaren prebentziorako Gale elkartea

Programaren helburua hirukoitza da:

  • Irakaskuntzarako tresna teknologikoen erabilpenean irakasleak trebatzeko curriculuma sortzea, behar bereziei arreta izanez. Curriculuma parte hartzen dugun erakundeotan esperimentatuko da, beranduago interesatuei doan eskainiz.
  • Homofobiaren prebentzioan irakasleak formatzeko e-learning ikastaroa egitea.
  • Partaideon esperientzia eta jarduera onak bilduko dituen tresna-multzoa (toolkit) garatzea.

Hori dena bost hizkuntzatan prestatu dugu: euskara, ingelesa, italiera, holandera eta gaztelania. Horretarako, hiru herrialdeotan bilerak, ikasle eta irakasleen hainbat trukaketa eta azken horientzako formazio-saioak antolatu dira. Oraingo honetan programaren elementu guztiak bukatuko ditugu.

Argazkian bost erakundeotako ordezkariak Bari-ko Salvemini Lizeoaren atarian proiektuko lehen bileraren ostean.