Boluntariotza-programak 20 urte bete ditu

Boluntario eta egoiliarren argazki bat

Matia Fundazioaren eta Axular Lizeoaren belaunaldien arteko boluntariotza-programak hogei urte bete ditu. Urte horietan ikastolako Batxiler 1. mailako 500 ikasle baino gehiagok programan parte hartu dute ikasturtean zehar 35 ordu inguru proiektuari eskainiz. Horrela, astero ordu eta erdiko bisitak egin dituzte Matiako Bermingham, Rezola eta Izako zentroetan, nagusientzako gabonetako jaialdia antolatu dute Gero Axular Dantza Taldearen laguntzaz, ikastolako haur danborradarekin batera danborrada jo dute, bi orduko formazio-saioa jaso dute Matia Fundazioan eta nagusiei ikastolan harrera egin diete. Matia Fundazioak ere, programa aurrera eramateaz gain, gure guraso eskolan eta LeGoP eta Overclock proiektuetan laguntzen digu, besteak beste.

Ekintza horiekin guztiekin gure asmoa belaunaldien arteko komunikazioa bultzatzea, gazteen sentikortasuna arazo sozialekiko piztea eta aisialdi-aukera aberasgarriak sortzea da, gazteen pertsonalitate eta baloreak eraikitzen laguntzen dutenak.

XX. urteurrena ospatzeko, datorren apirilaren 29an, igandean, 11:30ean Donostiako Aquariumen ekitaldi bat antolatuko dugu. Bertan, programan laguntzen diguten hainbat erakunde eta pertsonari eskerrak emateko oroigarriak banatuko dira (Zorroaga Fundazioa, Gero Axular, Noticias de Gipuzkoa, Ausolan, haur danborrada, Super Amara...), hogei urteetako eta ikasle ohi eta egoiliar batzuen bideoak ikusiko ditugu, eta lagunen, familien eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkarien laguntza izango dugu.

Lekua mugatua denez, gonbidapena beharrezkoa da. Etorri nahi baduzu, klikatu esteka honetan eta erabili "Registrar" botoia.

Belaunaldien arteko boluntariotza programaz gehiago jakin nahi baduzu, klikatu hemen.